Itzuli

Bizkaiko ustiategiei dirulaguntzak 2014

Visitar Web



Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak 4,9 milioi euroko zenbatekoa bideratuko du programa honetara, aurreko ekitaldian baino % 10,6 gehiago.

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak urtarrilak 2an ireki zuen  nekazaritza ustiategietan inbertitzeko laguntzak eskatzeko epea. Foru erakundeak 4,9 milioi euroko zenbatekoa bideratuko du programa honetara, aurreko ekitaldian baino % 10,6 gehiago; hala, helburu nagusi gisa gazteak finkatzea eta modernizatzea laguntzeko ildoak indartuko dira. Lurralde historikoan nekazaritzako jarduerak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko Nekazaritza Sailaren programa nagusietako bat da, zalantzarik gabe. Jarduketa horiek urtean 13 milioi euro inguruko inbertsioa sortzen dute eta horrek biziberritu egiten du landa inguruneko ekonomia.

Laguntzen xedea da nekazaritzako ustiategietan egiten diren inbertsioak babestea, betiere ustiategien errendimendu orokorra, ingurumen-iraunkortasuna, laneko segurtasuna, abereen higienea eta ongizatea eta beste alderdi batzuk hobetzen badituzte eta Europar Batasuneko arauak betetzen badituzte. Gainera, belaunaldien arteko erreleboa erraztu nahi dute, nekazari gazteen lehenengo instalazioa ahalbidetuz. Gazteak sektorera erakartzearren, lehenengo instalaziorako laguntza ematea, proiektuak ebaluatu eta monitorizatzea, lurrak eskuratzeko eta gazteek kudeatzen dituzten ustiategiak sendotzeko erraztasunak ematea, horiek guztiak sektore indartsu eta dinamikoa lortzeko funtsezko baldintzak dira, Nekazaritzako Foru Sailaren iritziz.

Deialdia arautu duen foru dekretua gaur argitaratu da, 2014ko urtarrilaren 2an; dekretua argitaratu eta biharamunetik hasita 20 egun baliodunen epean aurkeztu ahalko dira eskabideak, urtarrilaren 31ra arte, hain zuzen ere, ustiategiaren kokapenari dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan edo Nekazaritza Saileko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuaren bulegoetan (Bilboko Agirre Lehendakariaren etorbidea, 9).

Foru dekretuak ekarriko dituen berrikuntzen artean honako hauek nabarmendu behar dira:

-Nekazaritza Makineria Partekatzeko Entitateek makineria erostean diru-laguntzaren % 20ko igoera jaso ahalko dute. Neurri horri esker, makinerian egindako inbertsioak amortizatzea hobetu nahi da, aipatutako makineria baserritar bazkideen artean partekatuz eta zentzuz erabiliz. Nekazaritza Makineria Partekatzeko Entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte: Gutxienez kideen % 50ak nekazaritzako familia ustiategietako titularrei eskatzen zaizkien baldintzak bete behar ditu, eta jarduera nagusia nekazaritza izan behar da, lehentasunezko nekazaritza ustiategiei buruzko uztailaren 8ko 168/1997 Dekretuko 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

-Ustiategietan energia kostuak gutxitzeko biomasa galdaretan inbertitzen duten ortuzainentzako diru-laguntzetan % 10eko igoera, baliabideak modu integralean aprobetxatzea oinarritzat hartuta eta, ahal den neurrian, energia mendekotasuna gutxitzeko. Basoko biomasak tokiko energia baliabide berriztagarriak prezio lehiakorrean erabiltzeko aukera eskaintzen du, ohiko erregaiekin alderatuta.

-Nekazari gazteen alokairu kontratuak diruz laguntzea, belaunaldien erreleboa bultzatzeko. Martxan egon diren ustiategiak nekazaritza jardunari ekin nahi dioten gazteei eskualdatzea bideratu nahi da.


Itzuli